Maud Hodson-en bisita

BS 50/50/25 proiektuak finkaturiko ildo nagusietako batzuk izan dira, alde batetik, lasterketan emakumeak ikusgai egitea, eta, bestetik, Behobia lasterketaren azken urteetako historian protagonista izan diren emakumezkoen aitormena.} Horrela, honako hauek helmugan bertan omentzea proposatu genuen: Rosa Luena, ondoz ondoko 31 lasterketatan parte hartu duena; Esther Estefania eta Lourdes Alonso, 25 ediziotan baino gehiagotan parte hartu dutenak; eta Krux Guridi, urte askotan parte hartzeaz gain, hainbat emakumeri lehen urratsetan lagundu diena.

Maud Hodson-en bisita (#runequal)

Bestalde, 2018an Katherina Switzer-ekin hasitako bideari eutsi diogu, eta, 2019an, Maud Hodson korrikalari ingelesa izan dugu gurekin. Bera #runequal kanpainaren bultzatzailea da, eta, lasterketan parte hartzeaz gain, hitzaldi bat eskaini zuen Deusto Forumen, lasterketaren ondorengo astelehenean.

Maud Hodson Hitzaldia

Ezusteko ekintzailea

Behobia-Donostia lasterketaren mendeurrenean parte hartzera eta Deustuko Unibertsitatean hitzaldi hau ematera Donostiara gonbidatu nindutenean, harro eta, aldi berean, nahiko urduri sentitu nintzen. Izugarria da sentitzea nola jarraitzen diezun zure heroi emakumezkoen urratsei. Izan ere, Kathrine Switzerren istorioa irakurri nuenetik, eredu bihurtu zen niretzat. Biziki miresten dut haren kuraia, adimena eta abilezia taktikoa, eta bihotzez ematen dizkiot eskerrak egin zuenagatik.

Zenbait ohar #runequal-i buruz

Ez dut uste Kathrineren asmoa zenik berdintasunaren aldeko ekintzaile bihurtzea. Parte hartu nahi zuen Bostongo maratoian, eta ez zuen ulertzen emakumea izateagatik horretarako aukerarik ez izatea. Baina maratoia korritu egin zuen, eta atea zabaldu zion edozein emakume —eliteko atleta zein korrikalari amateurra— lasterketa luzeetan aritzeko aukerari. Nik ere ez nuen ekintzaile izateko asmorik. Iruditzen zitzaidan atletismoan beste kirol askotan baino hobea zela genero-berdintasunaren maila, bai ekitaldien irekitasunari bai atleta profesionalei ematen zitzaizkien sariei zegokienez. Pistan eta kanpoan, batera lehiatzen dira gizonak eta emakumeak, heptatloian eta dekatloian izan ezik. Asfalto gaineko lasterketetan ere distantzia berak korritzen dituzte gizonek eta emakumeek —batera, gehienetan—, eta bakanak dira salbuespenak. Maratoiak, berriz, izugarrizko estimazioa du gaitasun, adin eta genero guztietako jendearen artean. Hala, bada, lasterketa-klub bateko kide egin nintzen 2013an, eta cross-countryko korrika-saioetan parte hartzen hasi. Orduan konturatu nintzen oraindik ere lan handia egin beharra zegoela. Harritu egin ninduen eta desengainu handia eragin zidan ikusteak ekitaldi gehienetan, liga zein txapelketetan, gizonezkoen lasterketak emakumezkoenak baino luzeagoak zirela: asko, % 50 luzeagoak, eta bakarren batzuk, ia bi aldiz luzeagoak. Junior kategorian ere mutilen lasterketak neskenak baino luzeagoak ziren kasurik gehienetan. Niretzat, horrek ez zuen zentzurik. Izan ere, emakumeok ez dugu korritzen gizonek bezain azkar, baina aise gara haien parekoak erresistentziari dagokionez. Lehenbiziko bi edo hiru urteetan ez nuen ezer egin, eta hurrengo urtean gauzak konponduko zirelakoan egoten nintzen, isilik. “XXI. mendean gaudenez —pentsatzen nuen— mundu guztia ohartuko da diskriminazio-mota horrek amaitu egin behar duela”. Baina deus ere ez zen aldatu.

Honenbestez, eskualdeko eta estatuko lehiaketen antolatzaileei idazten hasi nintzen duela pare bat urte, nirekin bat zetozen taldeko kide bakan batzuekin batera. Berehala jabetu ginen 2017az geroztik berdinak zirela gizonezkoen eta emakumezkoen lasterketak cross countryko mundu-txapelketetan, baina ez Europakoetan.

Erresuma Batuan, berriz, adin-tarte guztientzat berdinak dira gaur egun Eskoziako txapelketa nazionalak, baina ez Ingalaterra, Gales eta Ipar Irlandakoak.

Espainian, bestalde, 2016az geroztik denentzat berdinak izan dira senior txapelketetako distantziak txapelketa nazionaletan, baina cross countryko beste lehiaketa askotan Erresuma Batuko desberdintasun berak daude. Gauzak aldatzearren, #runequal izeneko mugimendu nazionala jarri du martxan gure talde txiki honek. Oraingoz, oso informala da taldea; ez du lider ofizialik, eta gaiaz arduratzen den edonor atxiki daiteke.

Zergatik ez dira aldatu oraindik kontu horiek?

Egia da harritu egin ninduela hainbesteko erresistentzia aurkitzeak nahiko xumea dirudien uste honen aurka: distantzia berak korritu behar lituzketela adin-tarte bereko gizonek eta emakumeek, neskek eta mutikoek. Aldaketaren kontrako erresistentzia emozionalarena da horren arduraren zati handi bat. Batzuetan, eguraldia aipatu ohi da aitzakia gisa; esate baterako, neguan ez dela egoten nahikoa argi egunez emakumeek lasterketa luzeagoak korri ditzaten. Bueno, ez gara iradokitzen ari emakumeen lasterketek nahitaez luzeagoak izan behar luketela, baizik eta berdinak izatea gizonen eta emakumeen lasterketak. Agian neurri baliagarria izango litzateke. Kasu batzuetan, gizonen lasterketak laburtzea ekarriko luke, edo bi distantzien arteko batezbesteko bat egitea. Hala egin da, adibidez, mundu-txapelketetan.

Distantzia tradizionalak horiek direla esan dezakete, horrela egin ditugula lasterketak hainbat hamarkadaz, eta ez dagoela inongo arazorik.

Tinko errotuta daude cross countryaren sustraiak, baina tradiziorik onenak denborarekin batera aldatzen direnak dira; kirola ez da museo bat. Aurkako arrazoirik etsigarriena, berriz, hau iruditzen zait: emakume batzuek esatea ezin dutela gehiago korritu, edo ez dutela nahi. Elkarri laguntzea eta animoa ematea da emakumeok bikain egiten dugun gauzetako bat. Beraz, triste jartzen nau kirolkide batzuei entzuteak ez luketela lasterketa batzuetan parte hartuko bi kilometro luzeagoak balira.

Duela 100 urte, emakumeek botoa emateko eskubidearen aldeko kanpaina ari zen egiten Suffragette mugimendua Erresuma Batuan, eta kanpainaren aurka ari zirenetako batzuk emakumeak ziren. Botoa emateko premiarik ez zutela uste zuten emakume haiek, senarrek ordezka baitzitzaketen. Elkar eraiki behar dugu emakumeok, eta ez aldaketarik eza aldarrikatu.

Korrika egitea, gizarte zabalago baterako bidea

Eta horrela iritsi gara hurrengo puntura: kiroleko berdintasun- eta partaidetza-kontuak ez dira gizartetik aparteko zerak.

Desberdin hezten eta tratatzen ditugu mutilak eta neskak.

Mutikoak oinetako erosoz eta praka sendoz janzten ditugu; neskak, berriz, soineko eta oinetako politez. Txikitatik bultzatzen ditugu mutilak aktiboagoak izatera. Zaila da zuhaitzetara igotzea, edo baloiari ostikoka jardutea, horretarako jantzi-oinetako egokirik ez badaramazu, edo soinekoa ez zikintzeko agindu badizute. Kontuan hartzekoak dira, bestalde, neska-mutikoek arropan eraman ohi dituzten mezuak, baita irakurtzen ikasi aurretik ere. Nesken kamisetetan “irribarrea”, “txinparta”, “ederra naiz”, “amatxoren laguntzailea”, “printzesa”, “izan zaitez atsegina” eta antzekoak irakurtzen dira; mutilenetan, berriz, “basatia naiz”, “groar!”, “hemen dator zure arazoa”, “futbol-izarra”, “abenturazalea”… Beste behin ere, politak, pasiboak eta etxezuloak izateko eskatzen diegu gure alabei, eta beti besteak gogoan izateko. Mutilak, aldiz, borrokan, zalapartaka, algaraka… ibiltzen dira, dibertitu egiten dira, besteei askorik erreparatu gabe. Mutil bati agintzea gustatzen bazaio, berezko liderra da; neska, aldiz, mari-agintzaile bat. Irabazi nahi duen mutila animatu egiten dugu; neskari, berriz, atzean geratzeko esaten diogu, ez tematzeko gehiegi.

Hori egite hutsarekin, erein dugu jada hazia, kirolean neskak eta mutilak desberdin jardutea ekarriko duena. Noski, kiroletik askoz haragoko gaietan ere ernatzen da hazi hori: mutilei erakusten badiegu mundua eurena dela, esploratu eta konkistatu egin behar dutela, eta neskei, berriz, etxean egon behar dutela, adarbakarrekin eta madalenekin ametsetan, bada eraikiak ditugu genero-desberdintasunerako eta sexu-jazarpenerako oinarriak. #metoo.

Beste arazo batzuk ere gainditu behar izaten ditugu helduaroan: adibidez, ordaindu gabeko askoz ere lan gehiago egiten dute emakumeek gizonek baino, edo gehiago arduratzen dira haurrak zaintzeaz eta etxeko lanez. Hori dela eta, gizonek baino denbora libre gutxiago izaten dute. Gainera, errudun ere sentitu ohi dira zenbait emakume eginkizun ustez “berekoietan” aritzeagatik; esate baterako, maratoi bat korritzeko entrenatzen. Gure umeak txikiak zirela, sarri galdetzen zidaten ea aitak zainduko zituen ni neure eginkizunetara joaten nintzenean. Senarrari ez zioten sekula galdetu halakorik. #metoo.

Partaidetza vs berdintasuna

Benetan axola dio distantzia berak korritzen ditugun? Ez da garrantzizkoagoa emakumeek nola edo hala korrika egitea, gizonen gauza berak egiten dituzten ala ez arduratu gabe? Sarritan galdetzen digute hori cross countryan distantzia berak korritzearen aldeko kanpainan gabiltzala. Ona ote da emakumeentzat lasterketa luzeagoak egitea horrek emakume gutxiagok korritzea baldin badakar?

Zorionez, ez dugu zertan aukeratu berdintasuna ala partaidetza. Eskozian, handitzen jarraitu du txapelketa nazionaletarako izena ematen dutenen kopuruak distantziak berdindu ondoren ere. Gizonek eta emakumeek distantzia berak egiten dituzten lasterketetan, berriz, inork ez du proposatzen emakumezkoena laburtzeko hartara emakume gehiagok izena emango dutelakoan.

Epe luzera begiratuta, aldatu eta XXI. mendeko gizartearen balioak islatzeko duen gaitasunak erabakiko du atletismoaren osasuna. Oso garrantzitsua da hori, genero bateko eta besteko atletak berdin balioetsi eta berdin bultza ditzaten beren buruak desafiatzera, beldurrik gabe haztera.

Hurrengo belaunaldia

Azken batean, hurrengo belaunaldiarentzat kirola hobetu nahian gabiltza. Neska batek ikusten badu besteek ez dutela uste mutilek adina egin dezakeenik, murriztu egiten da bere buruan duen konfiantza. Bidez batez, jokabide horrek sendotu egiten du, isilean, mutilen ustea; alegia, eurena dela kirolaren eremua. Gizonezko futbolariei emakumezkoei baino ehunka aldiz gehiago ordaintzen zaien eremuaz ari gara, edo gizonezko ziklistek Espainiako Itzulia, Tourra eta Giroa korritzen eta hedabideek lau haizetara zabaltzen duten eremu horretaz, emakumeek egun bateko lasterketa lortzen duten bitartean, zorte pixka bat baldin badute. Komunikabideen %90ek gizonezkoen ekitaldiak ematen dituen eremu horretaz ari gara.

Parte hartzen duten guztiak ahalduntzeko balio behar du kirolak, maila guztietan, oinarrizko kiroletik elitekoraino. Areagotu egin behar du —ez murriztu— atleta bakoitzak bere buruan duen konfiantza. Eta emakumeentzat guneak sortu behar ditu, mugak jartzen saiatu ordez, gizonen baldintza berak izan ditzaten.

Kontua ez da emakumeak gizonen aurka jartzea

Gure kanpainaren xedea ez da emakumeak gizonen aurka jartzea. Aliatuak ditugu gizonezkoak, ez aurkariak, eta Erresuma Batuan, adibidez, kanpainaren ekintzaile suharrenetako asko gizonak dira. Gizarte osoari egiten dio mesede berdintasunak, eta askoz ere azkarrago egiten du aurrera gizarteak gizonek sexismoari aurre egiten badiote. Gauza bera gertatzen da zuriek arrazismoari aurre egiten badiote, edo heterosexualek homofobiari hortzak erakusten badizkiote.

Arrakasta batzuk

Emakumeon arazoez eta erronkez jardun naiz orain arte, baina Erresuma Batuan #runequal kanpaina hasi zenetik arrakasta batzuk ere lortu ditugu. Distantziak berdinak izan daitezen lortzeko bidean, oso kirol-ekitaldi garrantzitsua da Konderrien arteko Txapelketa. Erresuma Batuko txapelketa nazional baten modukoa da, Ingalaterra, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandako atletek hartzen baitute parte. Horrez gain, mundu-txapelketetarako sailkapen-proba gisa ere balio du. Ingalaterrako lau konderri ari dira aldaketa aztertzen (Essex, Suffolk, Norfolk eta Berkshire), bai eta Erresuma Batuko beste asko ere. Zenbait ligak egin dute jada aldaketa, tartean dela Londreseko Met-League, non hiri horretako klub nagusietako askok hartzen baitute parte.

Eta hurrengo urratsa, zein?

Orain arteko bulkadaz baliatuko gara distantzia berdinen aldeko bataila horretan, eta gure ekintzaile eta jarraitzaileen sare geroz eta zabalagoaz. Ahal dugun guztietan hitz egiten dugu kirol-ekitaldien antolatzaileekin, berdintasunerako bidean aurrera egiteko. Maila guztietako korrikalariak jarri ditugu gai horretaz mintzatzen; lan ona egiten ari diren ekitaldien berri ematen dugu, eta horien jarrera txalotzen. Zinta berde eta purpura bat eramaten dute kamisetari itsatsita #runequal mugimenduko kide askok. Mugimendu sufragistaren kolore berak dira bi horiek.

Europako txapelketetan eta Ingalaterra, Gales eta Ipar Irlandako ekitaldietan egin nahi genuke aurrera berdintasunari dagokionez. Izan ere, ekitaldi nazional eta nazioarteko horiek aldaketa egin ostean, askoz errazagoa izango zaie eskualde- eta udal-mailakoei gauza bera egitea. Biziki gustatuko litzaiguke mundu-txapelketetako junior kategorian ere distantzia berdinak izatea emakumeek eta gizonek. Horretarako, jakina, beste txapelketa batzuek ere gauza bera egin beharko lukete.

Eta biziki eskertuko genuke mundu osoko atletak ikustea horrelako aldaketak bultzatzen. Erresuma Batuaren aurretik dabil Espainia, bere txapelketa nazionaletan, kategoria absolutuetarako lasterketen berdintasunari dagokionez, eta gauza ederra izango litzateke eskualde- eta udal-mailako lasterketetan ere distantziak berdinak izatea.

Azken batean, #runequal kanpainaren helburua ez da existitze hutsa: gizonek eta emakumeek lasterketa (distantzia) berdinak korritzea gauza naturaltzat jotzen den une bat iristea nahi dugu, lasterketa guztiek genero bietako partaide-kopuru bera edukitzea, sariak berdinak izatea..., eta inork ez pentsatzea gauzak beste era batera izan behar luketenik.

Behobia San Sebastián

Txalogarria iruditzen zait Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileak 50/50/25 ekimenaren bidez egiten ari direna. Mezu positiboa ari dira bidaltzen emakume korrikalariei; gizarteak balioesten dituela esaten die, eta ahalmena badutela. Harro asko sentitzen naiz lasterketa horretan parte hartzera gonbidatu nautelako, eta asko gozatu dut, eguraldia benetan petrala izan den arren.

Bestalde, asko hitz egin dut gai horretaz neska-mutikoekin eta gazteekin, eta 50/50/25 ekimenerako funtsezkoak izango direlakoan nago.

2025ean korrituko duten emakume asko neskak edo nerabeak dira oraindik, eta kirola eurei ere badagokiela barneratzen badute, parte hartzeko gogoz egongo dira horretarako adina izaten dutenean.

Neure bizitzako zera bat azalduko dizut, amaitu aurretik. Ez nintzen gaztetan maitemindu kirolaz. Biolontxeloa jotzen, berriz, txikitan hasi nintzen, eta amak ere, ikusirik zein zoragarria zen musika jotzea, ikasi egin zuen, nerabezaro osoa zaldian ibiltzen eman ondoren. Harrezkeroztik, bikoteak egin izan ditugu amak eta biok. Ederra, benetan.

Beharbada, korrika egiteko grina hori berenganatzen duten neska eta emakume gazte horietako batzuek beren amak ere kutsatuko dituzte eta belaunaldiz belaunaldi egingo du jauzi “beldurrik ezak”, zaharrenetik gazteenera ez ezik gazteenetik zaharrenera ere.

Itzuli