2021 ez da urte erraza izaten ari Arantzarentzat. Pandemia urtebeteren ondoren, lanez aldatu eta hilabetera, martxoaren 5ean inork jaso nahi ez duen diagnostiko bat eman zioten: bularreko minbizia. Kolpe gogorrari adorez eta kementsu aurre egiten ari zaio.
Arantza Rojo Fortuna Kirol Elkarteko kidea da 2002tik, bertako Komunikazio eta Giza Baliabideen arduraduna izan da. Duela gutxi ibilbidez aldatu badu ere, azken bi hamarkadetan bere etxea izan denarekin elkarlanean jarraitzen du. Genero-berdintasunarekin konprometituta, kirolean emakumeen parte hartzea sustatzea helburu duen BSS 50/50/25 proiektuaren buru da. Ekimen horri esker, arlo honetako erreferente bat ezagutu zuen: Kathrine Switzer. Estatubatuarra 1967an Bostonen dortsalarekin maratoi bat egin zuen lehen emakumea izan zen, eta emakumearen eskubideen aldeko ekintzaile garrantzitsua da.
Borroka komun horrek bi emakume ausart eta borrokalariren arteko lotura sortu du, eta beste borroka pertsonalago batzuetan ere laguntza ematen diote elkarri.
Switzerrek artikulu hau idatzi, eta guztiokin partekatu nahi izan du. Bertan, egoera zailean dauden emakumeei buruz hitz egiten du, haiei aurre egiteko adoreaz eta kirolak zeregin horretan lagun dezakeen moduaz.
Aran maitea:
Kirolaritik kirolarira, emakumetik emakumera, kemenari buruz hitz egin nahiko nizuke.
Gaur bi albiste harrigarrirekin esnatu naiz. Bata, izugarria, Afganistango emakumeek une honetan bizi duten egoerari buruzkoa. Bestea, berriz, oso albiste ona da, irailaren 21ean bularreko minbiziaren aurkako azken saioa izan duzu.
Ezin izan dut bi gertaera horien arteko antzekotasuna ikustea saihestu: Afganistango egoera guztiontzat txarra bada ere, emakumeentzat bereziki etsigarria da. Eta minbizia guztientzat txarra bada ere, bularreko minbizia emakumeentza bereziki etsigarria da.
Kemenari buruz hitz egin nahiko nuke zurekin, Aran, emakume indartsua, borrokalaria, ausarta eta kirolaria; eta aldi berean, ezaugarri berak dituen lagun afganiar bati hitz egin.
Biek itxaropentsu hasi zenuten bidaia bat partekatu duzue: kirola eginez, entrenatuz, antzeko pentsaera eta helburuak dituzten atleta komunitate txiki baten babesa eta aintzatespena sentituz. Askatasuna eta hirietatik edo mendi bidezidorretatik kilometroak egiteak ekar ditzakeen lorpenak ere sentituz.
Biek gorputz sendo eta boteretsuak dituzue, edertasunetik harago daudenak. Ez dira konbentzionalki politak, egin dezaketenagatik bikainak baizik. Biok beraiekin entrenatu eta lan egin duzue, eta haiek saritu egin dizuete zuen bizitzako egun zuriontsuenetako eta osasungarrienetako batzuekin. Baina bada gauza bat are garrantzitsuagoa dena: ezagutza eta sentipen boteretsu hori baliatu duzue beste emakume batzuei laguntzeko eta inspiratzeko, eta horrela, mito eta jarrera asko aldatzen ere lagundu duzue.
Eta orduan, berehalakoan hondamendia gertatu zen bientzat. Zuri, Aran, bularreko minbizia diagnostikatu zizuten. Tratamendu luze eta mingarria zenuen zain, eta, agian, heriotza ere. Gure ahizpa afganiarraren kasuan, berriz, jazarpena, isolamendua, ziurgabetasuna, eta, beharbada, heriotza dakarren gerra zibila berpiztu zen. Inguruabar horrek biak jarri zintuzten zuen bizitzako maratoi zailenaren irteera-lerroan.
Aran, zu aurretik zoaz maratoi honetan. Ebakuntza eta 22 kimioterapia aste luzetatik pasatu zara. 21. kilometroko marka metaforikoan zaude eta orain arte lasterketa zaila izan den arren, ondo egin duzu eta indartsu dirudizu hurrengo 10 kilometroetarantz aurrera egiten duzun heinean: erradiazio tratamenduaren 15 saioak.
Horregatik, gauza bat galdetu nahiko nizuke: esan diezadakezun nola lortu zenuen lasterketa honetan jarraitzeko kemena biltzea eta mantentzea?
Hasieran dena pilatu zen. Beldurra, haserrea, antsietatea eta are gauza gehiago. Beldurra, batez ere, gaixotasuna noraino heldu zen jakin arte. Geroago, frogak, ebakuntza, gertukoei esatea: Familia –seme-alabak, gurasoak, anai-arrebak –, zenbait laguni –oso gertukoei bakarrik– eta baita lantokian jakinarazi ere.
Gero, etapak bata bestearen atzetik joan dira. Lehenik, ebakuntzatik errekuperatu behar izan nuen, eta jarraian, beste txiki bat etorri zen, bide iraunkor bat –PICC – jartzeko; eta lehen kimioterapia saioak –gogorrenak–, haien ondorioekin: ondoeza, ile, energia eta gogo galera. Zalantza une asko ere izan ditut, nire buruari galdetzekoak itzuli ahalko dudan lehengo pertsona bera izatera: aktiboa, alaia, baikorra… zoriontsua. Tratamenduaren eraginkortasunari buruzko dudak eta aldarte aldaketa asko ere izan ditut.
Zer egiten zenuen amore ematear zeundenean?
Aldaketa fisikoak esanguratsua da, ohiko jarduera fisikoa mantentzeko ezintasunak kiloak gehitzea eta muskulatura galtzea eragiten du; eta hori garrantzitsuena ez bada ere, inporta du. Ondo jatea eta ariketa fisikoa egitea garrantzitsua da, baina batzuetan motibazioak huts egiten du. Prozesu honetan psikologikoki indartsu egotea ez da beti erraza, are gutxiago, bakarrik egitea; baina laguntza handia izateko zortea dut. Gustuko dudan eta on egiten didan janaria prestatu didaten pertsonen laguntza izan dut. Ibilaldi luzeetan bidaide izan ditudan lagunak, barne hartzen ninduten planak egin dituztenak, liburuak utzi dizkidatenak edo behar izan dudan bakoitzean egon direnak, aurrez aurre edo telefonoz.
Gure ahizpa afganiarra irteera lerroan dago, baina aurrez egin duen lasterketa da hau, izan ere, bere DNAn dauka. Belaunaldi askok erakutsi diote egindako bi aurrerapauso bakoitzeko jarraian 1,99 pauso atzera datozela Afganistango emakumeentzat. Berak hori badaki, baina gainditzeko indarra ere aurkituko du, askatasunaren sentipen boteretsua ezagutzen duelako, eta kirola egiteak, atleta izateak, emandako indarra duelako.
Aran, zer konta diezaiokezu kemenari buruz? Nondik atera zenuen, egin nahi zenuen bakarra kikildu eta negar egin zenean?
Gertatu zaidana zaila bada ere, esku onetan nagoela jakiteak asko laguntzen du. Gainera, bizi naizen lekua (Euskal Herria – Europa) egonkortasun politiko, sozial eta ekonomikoa duena, ezin da alderatu emakume horiek bizi diren lekuarekin, Afganistanekin.
Oraintxe bertan, kimioterapiaren azken txanpan, baikor sentitzen naiz, eta beldurra beti hor badago ere, gauzak egiteko asmoa dut: bidaia txiki bat, kirola berriro egitea –nahiz eta tratamenduak bihotzeko muskuluei eragin dien eta onera bueltatzeko denbora beharko duten- edo itsasoan murgildu eta igeri egitea PICCa kendu bezain laster.
Aran, publikoa animatzen izango duzu 30 kilometroko markara iristean, erradioterapia tratamendua amaitzen duzunean. Baina maratoi guztietan bezala, zati gogorrena azken 10 kilometroak dira; zuretzat minbizia agertu izanarekin bizitzea izango da, eta ondorioz, pentsamendu ilunak beti hor egongo dira. Zure ustez, zer nolako adorea beharko duzu munstro hori zure burutik eta bihotzetik kentzeko?
Erradioterapia azaroaren erdialdean amaituko dut eta urtebetez zain barnetik antigorputzak hartu beharko ditut 21 egunean behin. Pilula bidezko tratamenduak 10 urte iraungo du. Aldian-aldian azterketak eta probak egingo dizkidate, baina berriro ondo egiteko motibazioa oso handia da. Berriro indartsu, gai, zoriontsu… ni neu izateko motibazioa. Buruan beste gauza batzuk edukitzeko motibazioa, izan ere, hau hasten denean, gaitza da oheratzean pentsatzen duzun azken gauza eta burura datorkizun lehena esnatzean. Hori guztia gainditu nahi du, bizirik irautea garrantzitsua delako, baina bizitzea, bizirik egoteaz gozatzea, are gehiago.
Gure lagun afganiarrari dagokionez, korrika egiteko, heziketa jasotzeko, eta bizitza propioa bizitzeko askatasuna kendu badiote, zer aholku eman diezaiokegu beldurraren munstro iluna baztertzeko?
Zaila da bizitzan zain zer duzun jakitea. Egun batetik bestera gauzak aldatu egiten dira eta onartzen zailak diren aldaketan daude. Batzuk behin betikoak dira, beste batzuk ez. Hala ere, uste dut garrantzitsua dela alaitasuna eta ongizatea ematen diguten ohiturak gordetzea, baldintzak onenak ez badira ere.
Berak ezin badu –sikiera- hori egin, agian, itxaropena bizirik mantentzen lagunduko dio kirolak eman dion askatasun sentimenduan eta berriro egin ahal izango duela behin eta berriz pentsatzeak.
Baina orain bizi duena bezalako egoera zail batean ere, espero dut ohitura horri eusteko modua aurkitu ahal izatea; izan ere, niri jarduera fisikoak beti lagundu izan dit hobeto sentitzen, baikorrago izaten eta gauzek onera egingo duten itxaropena izaten.
Testu hau irakurri duten guztiei ere egin nahiko nizkiekeen galderak dira hauek. Mila esker Aran!
Kathrine Switzer.